Ibilbidean nahiko suabea da, baina era berean gogor antzekoa, herri eta
ingurune ederretan barrena egiten da.
Zarautztik abiatuta, berehala Getariara, iritsiko gara; ondoren,
itsasertzetik, batzuetan (ia) olatu tartean, Zumaira joango gara.
|
Igoera goxo baten ondoren, Itziar dugu. Itziartik behera abiatuta, Debara helduk gara Ama Birjinaren begiratokitik pasata –Kantauri itsasoko ikusmira ederra du-.
Mendaro, Elgoibar eta Eibar,Debako arroak galdutako indarrak
berreskuratzeko baliatuko ditugu; behin Bizkaian Ermutik sartuta
Areitioko gaina igotzeari ekingo diogu. 315 metro baino ez ditu gain
horrek, baina ordurako eginak izango ditugun 50 kilometroek ongi merezi
izango dute gain horretan eskainiko diguten elikagai likidoa.
Jaitsiera atsegin baten ondoren, Zaldibar, Berriz, Matiena, Durango eta
Zornotzara ailegatuk gara eta Anbotoren itzal luzea utzi eta gero,
Autzaganeko igoerak Gernikara iristen garenerako gose puntua emango
digu. Egin ditugu 90 km., jadanik, eta hamaiketako ederrarekin bapo
jartzen garen artean, indarrak hartzeaz aparte, bidaideekin lasaixeago
hitz egiteko parada emango digu.
Berriro hankei eragiten hasi bezain pronto, Kortezubitik eta Arteagatik igarota, Ereñora igoko gara, eta Lekeitio ez dugula urrun, pentsatzen hasi. Egin ditugu 115 km. Eta kostaldeak kresalaren poza itzuliko digu.
Goitibehera pare baten ostean, Ondarroara heldu, eta handik gutxira,
Saturraranen, berriz izango dugu elikagai likidoa. Mutrikutik pasa eta
Debara berriro. Oraingoan Itziarko aldapa gogorragoa egingo zaigu,
hankek kilometro dezente egin ditugula gogora ekarriko baitigute.
Zumairaino jaitsi, eta Getariako San Antonek bakarrik oztopatuko digu
Zarautz ikustea; bertan, helmugara iritsita, berriro gozatu ahal izango
dugu, bai lagunekin berriketan ibilbideari buruz-edo, edota aperitifa goxo
bat jaten.
|