1984ko ekainaren 21ean egin zen lehenengo aldiz Zarautz-Gernika-Zarautz zikloturista martxa.
Parte-hartzaileak 49 izan ziren, eta Galtxagorritik abiatu ziren. Gehienak zarauztarrak ziren eta, tartean, hamabost urte inguruko hamar bat gazte zeuden.

Juan Manuel Udaberi bururatu zitzaion Zarautz-Gernika-Zarautz proba antolatzea, garai hartako zikloturisten lehendakariari. Ipar Euskal Herrian horrelako probak egiten ibiltzen zen, eta berak egindako irteeratan ikusitakoa eta ikasitakoa hemen praktikan jartzea erabaki zuen. Antolaketan, Txiliku anaiek, Simon Uberak, Angel Epeldek eta beste hainbatek hartu zuten parte.

Lehen urteko probaren antolaketa oso xumea izan zen. Paper batean ibilbideko xehetasunak jarri eta horixe eman zitzaien txirrindulariei. Gernikara iristean, herrian dagoen gasolindegian paperari zigilua eman eta, Lekeitiotik barrena, etxera itzuli ziren. Jatekoa ere bakoitzak berea eraman zuen irteeran emandako poltsatxo batean; izan ere, ez zegoen ibilbide guztian inolako laguntzarik orain dagoen moduan. Bitartean, zenbaitzuk salda, haragi egosia eta txorizoa prestatu zuten elkartean, proba bukatzerakoan parte-hartzaileei eskaintzeko.

Geroztik, proba handitzen joan da pixkanaka-pixkanaka, partaide eta antolakuntza aldetik.
Lehenengo urtean 49 lagun izan baziren parte hartu zutenak, 2009 urtean 600 inguru izan ziren Bestalde, ezin dugu ahaztu 1987 urtean Pedro Larrañagak izandako zorigaiztoko istripua.
Ondorioz, 1988 urteaz geroztik, Zarautz-Gernika-Zarautz Pedro Larrañagaren oroimenez egitea erabaki zen.

Funtsean, urte horretan batzordean dauden pertsonen esku geratzen da antolaketaren mamia eta hari denak mugitzea. Hala, probaren egunean elkarteko kide guztiok eta elkarteko kide ez diren beste hainbatek lan ezberdinetan hartzen dugu parte; izen-emateak, anoa-postuak, bidegurutzeak eta beste mila lanetan. Proba egunean Zarauzko Zikloturista Elkarteko kide guztiok lanean izaten garenez, aste bat geroago egiten dugu gure Zarautz-Gernika-Zarautz propioa.

Azken hitz hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan Zarautz-Gernika-Zarautz aurrera ateratzea posible egin duten guztiei.

 
 
itzuli