ZZEan, laguntzaile eta babesleei esker hainbat proba antolatzen ditugu, horien artean “Proba Nagusia” Zarautz-Gernika-Zarautz ezaguna. Ez dugu bazterrean utzi nahi, hala ere, “Txirrindulari Txiki Eguna” izenez ezagutzen duguna ere, haurrek jartzen duten alaitasuna eta ilusioa izugarri politak izaten baitira.
Ezin ahaztu, halaber, Maiatzaren Leheneko ohiko irteera, zikloturista zarauztarrek gogotsu irrikatzen dutena. Aipatutakoez gain, Pirinioetarako irteerak, proba intersozialak eta abar ere kontuan hartzekoak dira. Ikusten duzun bezala, bizikleta eta natura zalea baldin bazara, ez ezazu dudarik izan, eta jarri gurekin harremanetan.

Aipamen berezia egin nahi diogu gure FOROari))); izan ere, talde txikien irteerak antolatzeko eta komunikatzeko gune bat da. Bertan zenbait gairi buruz hitz egin daiteke: entrenamendu, eskarmentu, bitxikeria, anekdota eta beste hainbat konturi buruz, alegia.

 
 
 

Zarautz–Gernika–Zarautz ohiko proba bihurtu da Euskal Herriko eta inguruetako zikloturistentzat. Azken 25 urteetan proba horretan parte hartzen dutenek ederki gozatu dute bere ibilbidean, duen profil suabeari izugarri laguntzen baitiote ibilbidean zehar dauden paisaia ederrek.    .: ikus bideoa :.

Ezin da esan proba honek gogortasun handia duenik, kotarik altuenak nekez
gainditzen baititu 300 m., baina aldapa labur pikatsurik ere ez du falta. Dena
dela, dituen 160km.ek gogortu egiten dute. Proba hori dugu, bada, maiuskulaz GOZATZEKO modukoa.



 
 
 
 

Txirrrindulari Txiki Egunaren helburu nagusia herriko haur eta gazteen artean bizikletarako zaletasuna bultzatzea da; baina baditu beste azpi-helburu batzuk ere: gure herrian dagoen bide-gorri sarea erabiltzen ohitzea, kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa dela jakinaraztea eta kaskoa erabilita zenbat istripu larri saihets daitezkeen ohartaraztea.

Bi ibilbide daude haientzat prestaturik: bata, luzea, 10-14 urte bitarteko gazteei begira; bestea, laburragoa, 6-10 urte bitartekoentzat.

Beti bezala, gurasoek txikienekin egin ahal izango dute ibilbidea. Proba hauen antolaketan gurekin batera aritzen dira Udaltzaingoa, Zarauzko Udala eta herriko ikastetxeak.

 
   
 
 
 
 

Martxoko lehen igandetik hasita, elkarteko kideok ibilaldiak egiten ditugu Gipuzkoako eta beronen inguruetako hainbat herritara. Behin “helmugara” iritsita nork bere zigilua eta sinadura jartzen ditu Zigiluetako liburuxka eta kontrol orrian. Denboraldiaren amaieran sariak ematen zaizkie zigilu gehien dituztenei.
Sinadurak Udaletan edo Elizetan egiten dira goizeko 8:30etik 11:00etara. Zigiluak sinatzeko kontu honetan, Zarauzko zikloturistez gain, Zumaia, Orio, Getaria eta Zestoako zikloturistek ere hartzen dute parte; horrek, adiskide onek lagunduta, aukera ona eskaintzen digu Gipuzkoako hainbat leku eder ezagutzeko.